24 urteko espetxe-zigorra ezarri diote Bilboko taberna batean bikotekideari tratu txarrak eman eta hiltzeagatik errudun deklaratutako gizonari

Bizkaiko Probintzia Auzitegian egitate hori epaitu zuen zinpekoen epaimahaiko magistratu-presidenteak 22 urteko kartzela-zigorra ezartzea erabaki du maltzurkeriaz eta ankerkeriaz egindako erailketa-delitu batengatik, eta 2 urteko kartzela-zigorra genero-indarkeriaren esparruko ohiko tratu txarrengatik

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean, 2022ko abenduaren 28an, bikotekideari tratu txarrak eman eta erailtzeagatik herri-epaimahai batek errudun deklaratutako gizona 24 urteko espetxe-zigorrera kondenatu dute.

Egitate horiek epaitu zituen zinpekoen epaimahaiko magistratu-presidenteak 22 urteko kartzela-zigorra ezarri du, maltzurkeriaz eta ankerkeriaz egindako erailketa-delituagatik, ahaidetasun- eta genero-diskriminazioaren astungarriarekin eta aitortu izanaren-aringarriarekin; eta 2 urteko kartzela-zigorra, genero-indarkeriaren esparruan ohiko tratu txarren delitu baten egile gisa.

Gainera, eta herri-epaimahaiak emandako erruduntasun-berediktua kontuan hartuta, auzipetuari 5 urteko zaintzapeko askatasuna ezartzea erabaki du, espetxe-zigorra bete eta biktimaren alabari 90.000 euro ordaindu ondoren, erantzukizun zibila dela-eta.

Zinpekoen epaimahaiak bere berediktuan frogatutzat jotako egitateen arabera, gizonak bikotekidea 2022ko abenduaren 28ko goizaldean hil zuen taberna barruan, 18 labankada inguru emanez, eta "ustekabean" egin zuen, biktimak "defentsa eraginkorrik egiteko aukerarik izan gabe".

Era berean, heriotza eragiteko moduagatik, akusatuak "nahita areagotu zuen bikotekidearen mina"; izan ere, tratu txarrak ematen zizkion ohikotasunez, "indarkeria fisiko eta psikikoaren bidez".

Zinpeko epaimahaikideek emandako motibazioa eta ahozko ikustaldian burututako froga aztertuta, epaian ondorioztatzen da kargu-froga nahikoa izan dela erruduntasunaren berediktua oinarritzeko.

Hala, eta erailketa-delituari dagokionez, ebazpenak jasotzen du zinpeko epaimahaiak kontuan hartu zituela auzipetuaren aitorpena, auzitegi-medikuen aditu-frogak eta tabernako kamerak hartutako irudiak, judizioan ikusi zirenak, eta ez dutela zalantzarik uzten bera izan zela emakumearen "heriotza eragin zuen erasoaren egilea".

Frogatutzat jotzen da, halaber, erasoa ustekabekoa izan zela eta biktimak ezin izan zuela bere burua defendatu; izan ere, tabernako kameraren irudi horietan ikus daiteke erasoa gertatu baino lehentxeago «itxuraz adeitsua den eta keinurik gabeko» elkarrizketa izaten ari direla biak, eta «bat-batean», lurrera bota eta sukaldera arrastaka eramaten duela.

"Ez dugu ikusten zer gertatzen den sukaldean, baina begien bistakoa da labana (20 zentimetroko orria) hor zegoela, eta berehala hasi zela hura sastakatzen", jaso da epaian.

Gainera, auzipetuak biktimaren mina "nahita areagotu zuen"; izan ere, medikuek ahozko ikustaldian azaldu zutenez, emakumeak gutxi gorabehera 18 labankada zituen, baita beirazko objektu batek eragindako zauriak eta lepoko markak ere, itotzeko saiakerarekin bateragarriak. Beraz, gutxi gorabehera ordubete behar izan zuen hiltzeko, odolusten zen bitartean.

Ez da egiaztatu akusatua alkoholikoa zenik, egitateak gertatu ziren unean alkohola eta drogak hartzeak haren ahalmenei eragin zienik, ez eta bere jardunean haserrealdia edo itsualdia izan zirenik ere.

"Inork ez du ukatzen gau hartan alkohola eta koka-hostoak kontsumitu zituela, baina inola ere ez zen egiaztatu egitate horrengatik aringarriren bat aplikatzea justifikatzen zuen afekziorik egon zenik", gaineratu du ebazpenak.

Aitortzaren aringarria onartzen da; izan ere, auzipetuak poliziaren aurrean egitateak aitortu zituen, haren aurkako prozedura bat zegoela jakin aurretik, baina ez du «oso kualifikatuaren» gradua bere defentsak nahi zuen bezala.

Ohiko tratu txarren delituari dagokionez, ebazpenak dio auzipetuaren aitorpenaren eta zenbait lekukoren deklarazioaren bidez egiaztatuta geratu dela gizonak fisikoki erasotzen ziola bikotekideari, eta bere bizitza kontrolatzen zuela –beste emakume bati tratu txarrak emateagatik beste epai irmo bat ere bazuen –.

Epai hau ez da irmoa eta bere aurka errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salan.